XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), Nafarroako AEKko batzarreak onartutako bidearen aurka joaz eta bertoko AEKren gobernuarekiko jokabide bateratua horrela hautsiz.

Beraz, Nafarroako AEKren batzarreak erabakitakoaren kontra jotzeagatik eta honek izandako ondorioengatik, kanporatuak izan ziren.

Kanporatuek Berriozarreko batzarreko beren interbentzioetan, erakundetzeak eragindako autonomi murrizketa berriro kritikatu zuten, gobernuarekiko arazo hartan autonomoki erabakitzeko omen zuten eskubidea defendatuz.

Zenbait eskualdek kanporatuekin bat egin zuten, IKA (Ikastari) erakunde berria sortuz, eta AEKk inoiz ezagututako banaketarik handiena probokatuz.

1990 urtearen hasieran, Aiegin ospatutako AEKren VII mintegian, erakundetzearen aldeko urratsik nabarmenenak eman ziren.

Mintegi hartan berdintasun ereduari zegozkion erabaki garrantzitsuenak hartu ziren.

Berdintasun ereduaren helburua herrialdeen arteko desorekak txikitzea zen, bitarteko gutxien zeukaten herrialdeak eta eskualdeak lana burutzeko beharrezko ziren minimoez hornituak izan zitezen.

Berdintasun ereduari zegozkion erabaki gehienak gestiogintza arlokoak izan ziren, hau da, dedikatu kopuruak, matrikulen prezioa, soldatak, diru iturri propioak...

Arlo hauei dagokienean Euskal Herri osoan minimo eta maximo batzuen barruan jokatu behar zuten herrialde guztiek.

Denok berdin jokatzeak diru laguntzak era zilegi eta egoki batez behar ziren lekuetara bideratzea posible egiten zuen.

Euskal Herri osoan zenbait arlori dagokionez berdin jokatzearekin ez da erakundetze prozesua amaitzen.

Hala ere, gestio eta didaktika bakar baterako oinarriak ipiniak direla esan dezakegu.

Erakundetzeak hobekuntzak eta gora-beherak ekarri dizkio AEKri.

Erakundetzea berez beharrezkoa bazen eta instituzioen erasoek bere premia areagotu bazuten ere, oso baldintza zailetan burutu zen.

Izan ere, AEKn ideologia eta ikuspegi desberdin ugari ziren, ugariegi honelako prozesu bat inolako problemarik gabe gauzatzeko agian, eta horrez gain, instituzioekin mantendutako urteetako lehiak AEK barruan ere tentsioak sorrarazi zituen.

Batzuek beharrezkoa zela diote.

Beste batzuek, ordea, azkarregi egin zela.

Erakundetze prozesua aurrera doa, kostoa handia izan bada ere.